XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1789-ko haizeak. GAUDEN BAXENABARRAN (2)

Iduri zuen Frantzia zela Baxanabarraren jabea eta Euskaldunak haren etxetiar zirela.

1631-etik eta 1789-a artean zortzi, uztarrietan ibiliko dira Baxenabartarrak: batean Xuberoa eta Biarnoarekin, bertzean Lapurdi eta Xuberoarekin, batzuetan ere Auch-eko aintzindaritzaren meneko.

Halere, Baxenabarrak bazuen Xuberoak eta Lapurdik ez bezelako beregaintasuna.

Ez zen ahanzten ahal alabainan Baxanabartarrak Nabartar sortuak zirela, beren lege eta ohidurak bazituztela, aspaldi finkatuak.

Legen zaintzeko eta lege berrien asmatzeko, baziren ETATS DE NAVARRE, Nabarrak zituen KORTESen idurikoak, bainan ez berdinak halere, behar baitzen, errana dut, Frantziako erregeak eman itzainaren aintzinean uztartu, Parisek erran bezala.

Etats-Biltzar hartan behar ziren, Frantziakoan bezala, apez, aitoren-seme eta burjesen ordezkariak.

Burjesen-elgarteari Tiers-Etat erraiten zuten.

Baxenabarreko 150 apezek ez zuten bozkaz hautatzen beren ordezkaria.

Betikotz finkatua zen apezen ordezkari izanen zirela: Akizeko apezpikua (Amikuztarren eta Oztibartarren apezpikua baitzen), Donapaleuko komentuko fraide-lehena, Donibane-Garaziko apez-lehena, Baionako apezpikua, Utziateko eta Haranbeltzeko eritegien buruzagi berriak.

Baxenabarran, aitoren-semeak ez ziren, Frantzian bezala, fagorez ohoratu batzu, balinbaziren ere Lukuzeko barua eta Etxauzeko bizkondea.

Baxanabarrako aitoren-semeak lurren erabiltzetik bizi diren etxeko-jaunak ziren, jauretxetako nagusiak.

Eta Baxenabarran baziren orduan 150 bat jauretxe, bertze hainbertze aitoren-seme beraz.

Tiers-Etat da Etats-Biltzarreko hirugarren partzuera.

Frantzian hirugarren partzuergo hortan gehienak burjesak ziren, frangotan sosdunak, salerostetan edo bertzela, berriki aberastuak eta ohore gose ziren batzu.

Baxenabarrakoak jende xeheari hurbilago zauden; hogoi'ta sei ziren orotarat: hiru Amikuzetik, bat bedera Iholditik, Arnaitzetik eta Irissarritik, bira Garazitik, Baigorritik, Ortzaizetik, Arberutik eta Oztibarretik; berdin biga bakotxetik: Donibane-Garazitik, Donapauletik, Garruzetik, Bastida-Klairantzatik eta Larzabaletik.

Lapurdik eta Xuberoak ez bezalako har-emanak zituen Baxenabarrak Frantziarekin.

Erresuma gisa, Baxenabarrak bazituen Parisen bere mandatari eta gizonak eta Parisek Baxenabarran bere ordezkari eta kargudunak, bereziki zindik delako bat. (segida gero).

Otto Piarre.